Hiriburuko leiendak

Lizagako herensugea

Lizagako sugina edo herensugea herrian ezagunena den alegiazko aberea dugu, dudarik gabe. Tokiko idazle anitz, hala nola Compaigne, Masein, Moreri, Xaho, Beltzuntzeko bizkondea, Jaurgain, Bailac… izan dira elezahar horren kontatzaileetarik.

1400. urte inguruan zabaldu zen Larrun mendi mazelatik jalgi zen animalia ikaragarri bat zebilela inguruetan jendeen izitzen. Hiru buruko herensugea zen, jendeek Sugin deitzen zutena.

Hiriburun zegoen Lizagako iturritik urrun ez zen harrizko leize batean zuen animalia ikaragarri horrek bere gordelekua, eta inguru guzian hedatzen zuen izialdura. 1407an, Milafrangako bi neskato harrapatu omen zituen munstroak. Doi-doia hogei urte zituen zaldun prestu eta ausart batek, Gaston-Armand Beltzuntzekoak, Garzia-Eñaut Beltzuntzeko, Makeako jaunaren seme zenak piztiari gordetzen zen ziloan buru egitea erabaki zuen. Borroka ikaragarria izan zen. Gaston-Armand Beltzuntzekoak ukaldi izigarria eman eta herensugearen hiru buruetarik baten zati bat moztu zuen. Eman zuen ukaldiak kordokarazirik, herensugearen aztaparretara erori zen. Aberea, larriki zauriturik, zaldunetik libratzera entseatu zen, horretarako bere burua Errobi ibaira aurtikiz. Laxatu ordez, Gaston-Armand Beltzuntzekoak nahiago izan zuen munstroarekin betan hil. Biharamunean atzeman omen zituzten, Errobi errekaren zolan, elkarri loturik.

Munstroak suntsitu alde horri Hiruburu izena eman zitzaion, herensugearen hiru buruengatik. Izen hori, gaur egun, Hiriburu bilakatu da. Borroka lekuaren ondoko iturria oraindik ikus daiteke eta, 1407. urteaz geroztik, herensugearen iturria deitzen da.

Karakolaren elezaharra

Elezaharrak dioenez, ba omen dira mendeak eta mendeak urte guziez ikus daitekeela, ekainean, Sanpedro gauean, gure herrian, hainbat eta hainbat «Helix aspersa» karakol (karakol arrunta) ateratzen. Hartara, aspaldian ari dira hiriburutarrak, errezeta ikasi batekin, karakolak prestatu eta dastatzen.

Hiriburun karakolak dastatzeko tradizioa, berriz, oso erreala da; 1923an sortu zen. Confrérie du Petit Gris, izeneko kofradia 1987an sortu zen eta ohidura gustagarri hori atxikitzera eta sustatzera entseatzen da. Urtero, ekainean, bere kapitulu ospetsua antolatzen du eta, orduan, ahotik ezin utzizko gastropodo horren dastaketa erraldoia eskaintzen du, Baionako xingarrezko eta Ezpeletako biperrezko saltsan prestatua.