Historiaurretik gaur egunera

Historiaurreko garaia

Argi da giza bizileku bat bazela hor Madeleine aldian, orain dela 100 000 urte inguru. XIX. mendean eta XX. mendearen erdialdean egin zenbait aurkikuntza eta indusketek argitara eman zuten zenbait material, silex landu, karrakagailu, zizel…

Zorigaitzez, desagertu dira gizaki horiek gure herrian aritu zirela erakusten zuten gauza horiek. Bilduma horiek sakabanaturik dira orain, jatorritik urrun, Baionako eta Saint-Germain en Laye-ko museoetan, Biarritzeko itsasoaren museoan, Bordeleko Zientzia Fakultatean eta beste bilduma pribatu zenbaitetan.

Gauza bakar batzuk gelditu zaizkigu barreiatu gabe, desagertu zaigun ondarearen azken aztarna eskasak ditugu.

Erdi Aroa

Erdi Aroan zehar, idatziz adierazia izan den lehen populazioa Iruber izenarekin ageri da. 1122an, Gilen IX Akitaniako dukeak Raymond de Martres apezpikuari baimena eman zion, Lapurdin laborantza etxeak sor zitzan, Bertrand bizkondearen laguntzaz. Badirudi orduan sortu zela Iruber izeneko lehen populazioa.

Iruber populazio horretako lehen jaunak hainbat aldiz aipatuak dira Baionako Urrezko Liburuan eta katedralaren kartularioan. Aipu horiek hor izanik ere, zaila da Iruberko jaunen genealogiaren zehaztea. Halere, argi da jaun horiek XIII. mendetik jadanik eman ziotela izena beren etxeari (Lizaga).

Lehen baroi horiek batez ere hamarrenaren bitartez biltzen zituzten beren baliabideak eta ez ziren baliabide oparoak. Iruber 1249 urteaz geroztik ageri da parrokia bezala; 1400. urtearen inguruan bilakatu zen Saint-Pierre d’Irube, eta 1605etik goiti ageri da Hiriburu.

Garai modernoa

Garai horretan ageri zaigu Hiribururen lehen erroldaren kopurua. Salvat de Lespès de Hureaux, Landetako Seneskalaren gai zibil eta krimenetakoen lotinanta Baionan zenak eman zuen 1718. urtean. 480 biztanle ziren, 80 etxetan. Herriak baserrialdeko lau auzo zituen, oraino dituena: Ametzondo, Karrika, Mizpirabakoitz, Baratahegi.

Mousserolles auzoa, Baionako hiri bazterrean, luzaz izan zen Hiriburu eta Baionaren arteko liskar baten gertalekua, lau mendez aritu baitziren bi hiriak haren jurisdikzioa kontrolatu nahiz. Gatazka behin betiko konpondu zen, prefetaren 1832ko urtarrilaren 17ko agindu batek Mousserolles Baionara lotu zuenean.

Iraultzatik gaur egunera

Iraultzak, Izu garaiak, uzta txarrek eta goseteak herria ekonomiazko egoera ezin txarragoan utzi zuten XVIII. mendearen hondarrean. Biztanleen behartasun egoera hori eta Herriko Etxeak biltzen zituen diru kopuru xumeak XIX. mendearen lehen hamarkadetaraino luzatu ziren. Egoera are eta txarragoa egin zuten tropak hiria erregularki zeharkatu eta bertan kokatzeak eta Napoleon-en eta Wellington-en armaden arteko 1813ko borrokek.

Hiriburuko gudua

Bost egunez luzatu zen eta egun latzena 1813ko abenduaren 13a izan zen. Soult marexalak goizeko 8:30ean eraso egin zuen, artilleriako hogeita bi piezen laguntzaz. Eraso horrek aliatuak kordokarazi zituen; goizaren azken tenorean egoera larrian zirela zirudien. Wellington-ek Errobiren ezkerraldetik indar berriak ekarri zituen berehala. 70.000-80.000 bat gizon aritu ziren borrokan, Larralditik Mugerrerainoko gudu zelaian.

 

Lekuaren erliebeak eta eguraldi txarrak eragotzi zioten Soult marexalari bere tropak behar bezala mugiarazten. Frantsesek Mousserolles-eko gibeleko kanpamendura gibelka egin behar ukan zuten. Borrokek erabat suntsitu zituzten Karrika eta Mizpirabakoitz auzoak, bai eta, zati batean, Ametzondo eta Baratahegi auzoak ere. Borrokaldi hori bereziki hiltzaile gertatu zen: 11 200 bat soldadu hil omen ziren (5 300 aliatuen artean eta 5 900 frantsesetan). Gaiari buruz gehiago jakin nahi baduzu, baduzu F. Gaudeul jeneralaren lan hau: «La bataille de Saint Pierre d’Irube»; Baionako Zientzia, Letra eta Arteen Sozietatearen agerkariaren 135. zenbakian (1979).

Herriak ez zuen inoiz kalte-ordainik jaso eta erregularki jasan zituen, XIX. eta XX. mendeetan, maniobrak egiten zituzten erregimentuak, bertan geldituak baitziren. Lekuen hartze horiek 1944ko agorrilean bururatu ziren, alemaniar tropa okupatzaileek alde egin zutenean, ordura arte herrian kokatuak baitziren, hala villa Quiéta etxean nola Lizaga Ttipian, Perlan, Urruzpurun, Tichené-n eta Oihartzabalen