
Goresmenak Alexia Troundayri, Hiriburuko bestetako afixa lehiaketa irabazi baitu.
Besten giroa sentitzen hasten da: maiatz hastapen honetan Hiriburuko besta komiteak, Marie Bonnet lehendakari duen Si on peignait elkartearen laguntzarekin, Alexia Trounday baionar gaztearen afixa saritu du, ekainaren 27tik 29ra iraganen diren herriko besten aurtengo edizioa iragartzeko bere afixa hautatu baitute.
Lehen hautaketa bat egin zuten besta komiteak eta Si on peignait elkarteak, bost afixa hautatuz: ondotik, bozka bat antolatu zen herriko etxean eta Facebook bidez eta 800 pertsonak parte hartu zuten. Horrela hautatu zen irabazlea.
Alexia Trounday Espazioen diseinuan diplomatua da. Diseinu fresko eta arin bat hautatu du bestetako afixarako, Plaza Berrin kokatua den eszena bat aurkeztuz.
Afixa guziak ikusgai izanen dira erakusketa batean, Serora etxean, ekainaren 27tik uztailaren 6ra. Bertan ikusgai izanen dira Si on peignait elkarteko kideen obrak eta Patrick Larcebal margolariarenak ere.