Aurten ere Eusko Eguna berriz antolatuko dugu, Ezpeletako merkatu estalian, apirilaren 18an, larunbatean. Egun hartan, urteroko gure besta herrikoi handiaren karietara, tokiko moneta eta lurraldeko alternatibak ospatuko ditugu. Azken edizioetan bezala, jende guziendako aktibitatez beteriko egitarau aberatsa prestatu dugu. Eta puntu gorena, gauaz, kontzertuekin!
10:00etatik goiti, hurbilduko direnek parada izanen dute artisau eta laborarien merkatuan barna ibiltzeko, armairu-hustean miaka ari izateko, elkarteen herrixka ezagutzeko eta animazio anitzez baliatzeko. Jatekoari dagokionez, tokiko produktuak izanen dira ohoretan, besteak beste, merkatuko produktuekin egin laborarien bazkariari esker.
Bestalde, egitarau mamitsu bat ukanen dute haurrek eta familiek. Joko pistak, asto bizkarrez egin ibilaldiak, mahai-futbol erraldoia, sorkuntza tailerrak, ipuin irakurketak, kermeza jokoak edota ninien gunea izanen dira, egun osoan denek bestaz gozatzeko.
Halaber, gogoetak eta ezagutzak egiteko hitzorduak eskainiko ditu programazioak. “Gure Moneta: mugaz gaindiko tokiko moneta baterantz” hitzaldiak Euskoaz inspiratuz Baztanen eta Oarsoaldean garatzen ari diren tokiko monetaren proiektua aurkeztuko du, tokiko ekonomiarako, trantsizio ekologikorako eta euskararako perspektiba berriak zabalduz. Arratsaldean, jendeek Mathieu Dumeryren (Professeur Feuillage) “CLIMATØ” ikuskizuna ikusten ahalko dute. Eta, eguna bururatzeko, Ezpela ezpeletar taldearen “Itzaletik” dantza-ikuskizun berria izanen da.
20:00etatik goiti, giroa hozka batez goitituko da merkatu estalian. Lehenik, GOTx Elektrotxarangako bizkaitarrak ariko dira giroa berotzen. Eta gero, Zetkin, Belako eta Su Ta Gar taldeen kontzertuak izanen dira.
