Eusko Eguna edizio berri baterako itzuliko da!

Aurten ere Eusko Eguna berriz antolatuko dugu, Ezpeletako merkatu estalian, apirilaren 12an, larunbatean. Egun hartan, urteroko gure besta herrikoi handiaren karietara, tokiko moneta eta lurraldeko alternatibak ospatuko ditugu. Azken edizioetan bezala, jende guziendako aktibitatez beteriko egitarau aberatsa prestatu dugu. Eta puntu gorena, gauaz, Xiberoots eta Gatibu taldeen kontzertuekin!

Urtero bezala, Eusko Eguna egun bateratzailea izanen da, topaketaz eta solasaldiz betea, belaunaldi desberdinetako jendeak nahasiko dituena, besta giro goxoan. 10:00etatik goiti, parada izanen da laborarien eta artisauen merkatuan zehar ibiltzeko, jantzi hustean miaka ibiltzeko, escape street jokoan aritzeko, elkarteen herrixka ikusteko eta haur eta helduak loriatuko dituzten aktibitate eta animazio anitzetan parte hartzeko. Haurrei leku berezia eginen zaie, egun osoan jostatu eta xoratzeko ahala izanen baitute: pista jokoak, asto bizkarrez egin ibilaldiak, kermezako jokoak, mahai futbol erraldoia, harraparien laxatzea, etab.

11:00etako hitzaldiko mintzalariak tokiko monetek beren lurraldea baikorki aldatzeko duten ahalmenaz interesatuko dira.

Bestalde, segur gara tokiko produktuekin prestatu eta Herrian Kantuzek animatu “Laborarien gosari-bazkari” famatuak berriz ere gaitzeko arrakasta ukanen duela! Era berean, ez itzazue huts egin arratsaldeko animazio kulturalak, eta bereziki Gurashowren kontzertua eta Neskena taldearen Badoa dantza-ikuskizuna. Azkenik, Mutxi’kool taldeak egunaren eta kontzertu gaualdiaren arteko lotura eginen du.

Eguneko egitarauari gaualdi bikaina gehituz: urte bukaeran jotzeari utziko diola iragarri duen Gatibu taldea izanen da Eusko Eguneko afixa burua! Gernikako laukotearekin batera, Xiberoots taldeko zuberotarrak ere ariko dira beren azken diskoa aurkezten, eta, gaualdia ederki bururatzeko, DJ Üzkülüz!

Argibide garrantzitsua gauaz etxera behar den bezala itzultzeko: joan-jinkariak izanen dira, urririk, ikusleak segurtasun osoz inguruko herri eta hirietara eramateko. Eta kanpalekua izanen da, Ñapurrak gelan gaualdia luzatuko duten motibatuenentzat.

Egitarau osoa eta kontzertuetako txartelen aurresalmentak: euskalmoneta.org