
Gaurdanik hirian gaindi banatuak dira: hiriko lau auzotegi historikoak aurkezten dituzte, Eliza, Karrika, Baratahiri eta Mizpirakoitz, baita 17 leku ere, hala nola Landalorea, Etxerruti edota Le Basté. Aitzinako kargu aldian abiaturiko lan luze horren emaitza ofizialki estreinatua izan da joan den maiatzaren 14an.
Horrela, hiriko seinaletika aberasten dute totem berri horiek: partaide ugarik, hautetsiek, zerbitzu tekniko eta administratiboek, Herriko Etxeaz kanpoko ondarea batzordeak eta Euskaltzaindia, Euskararen Erakunde Publikoa edota Euskal Elkargoa bezalako erakundeek elkarrekin eramaniko lana.
Estreinaldiaren denboran auzapezak gogorarazi duen bezala, Hiriburuko bideen helbideratzea berritzeko lana (karrika taula berrien jartzearekin burutua 2024an) izan zen historia eta kultura mailako lan sakona eramateko aukera: “karrikak izendatzeko lana gure nortasunari, hiriaren historiari lotua izan da, auzotegi historikoak 1832ko kadastrak marraztu zituelarik.
Hiriko artxiboak eta Gilbert Desport hiriko historialariak eramaniko ikerketak lagun, karriken izenak eguneratuak eta historia-taulak sortuak izan dira.
Hiriko lurralde osoa eta hiriko izenaren jatorria azaltzen duen taula orokorrarekin, Plaza Berrin jarririk, euskaraz eta frantsesez idatziriko taula historikoak berdin antolatuak dira. Mapa bat dute oinarri, auzotegia hirian kokatzen duena. Ardatz historiko nagusiak eta gune ohargarriak ere zehazten dituzte. Totem bakoitzak lekuen historia azaltzen du eta ondare-interesgune zenbait aipatzen ditu, argazkiz argiturik.
Lekuen taulek, nahitara argibide gutiago dituzte eta Hiriburuko azpi-auzotegiak aurkezten dituzte, bai aspaldikoak baita berrienak ere, Oiharzabaleniaren gisakoak. Hiriburutar bakoitza bizi den bizi-eremuari atxikia sentitzea da beste xedea ere.
1832ko katastroan, izenen % 90 euskaraz baziren ere, frantses hizkuntzak ukan du bere eragina eta ortografia anitz aldatuak izan dira. Ondare ikuspegitik eta ikerketa-erakundeekin eramaniko lan luzearen ondotik, jatorrizko ortografiak berriz sartu dira. Hiriburun zenbait bide-izen gaskoiz ere dira, hala nola Escoutepluye. Horiek ere atxiki dira.