Mathieu Elgoyhen auzapezak, hezkuntzaren ardura duen Xabi Dublanc auzapezordeak, Audrey Siméon-Castanier zuzendariorde nagusiak eta Yvan Castagné eskolaldi inguruko zerbitzuburuak Hiriburuko ikastetxeen itzulia egin dute sartze honetan.
Hezkuntza, herriko ekintzaren lehentasunetako bat
Lehen mailako ikastetxeen kudeaketa herriak duen eskumen nagusietakoa da eta gure lehentasunetakoa ere. Orduan, Hiriburuko Herriko Etxeak ikastetxeen aldeko engaiamendua berresten du urtero, giza-, diru-baliabideak eta baliabide materialak ezarriz ikastetxeen zerbitzuko.
Hezkuntza arloko eragile guziek (hautetsiak, herriko agenteak, irakasleak, gurasoak…) sartzea azkarki prestatu dute, haurrei ingurumen lasaia eta ikasteko egokia eskaintzeko gisan.
Sartzeko zenbakiak
Orotara, 588 ikaslek hartu dute eskolako bidea gure herrian. 387 ikasle dabiltza Hiriburuko ikastetxe publikoetan (Urruzpuru eta Baste-Quieta) eta 201 ikastetxe pribatuetan (Jondoni Petri eskola eta Ametza ikastola).
252 ikasle dabiltza sail elebidunean edo euskarazko murgiltze-ereduan, hots ikasle guzien %44, iaz %41ekoa zelarik: emendio baikorra.
Dans l’ordre des photos : École élémentaire et maternelle publique Ourouspoure | Groupe scolaire publique Basté-Quieta | Ametza Ikastola
Herriko lau ikastetxeei esleituriko aurrekontua
Urruzpuru eta Baste-Quieta ikastetxe publikoei esleituriko funtzionamendu aurrekontua gastu pedagogiko arruntetarako (papera, liburuak, kirol eta kultura ateraldiak…) 20 000 € baino gehiagokoa da. Aurten 20 000 € edo gehiagoko dirutza esleitua izan zaie ikastetxe publikoei informatika ekipamenduetarako (ordenagailu eramangarriak eta bideo proiektagailu interaktiboak) eta eskolako altzarietarako ere.
Ikastetxe pribatuen aldetik, legeak dioen bezala, Herriko Etxeak Jondoni Petri eskolari eta Ametza ikastolari herriko prezio finko bat esleitzen die Hiriburun bizi diren ikasle bakoitzeko.
Zaharberritze lanak ikastetxe iraunkorragoak ukaiteko
Herriko hiru ikastetxe publikoak aldizka zaharberrituak eta handituak izan dira aitzineko kargu aldian, haurrek baldintza hobeetan ikas dezaten eta ikasgela berriak irekitzeko mentura ahalbidetzeko gisan.
Sartze honetan, eskolak klima-aldaketarengatik gertatu bero handiei egokitzeko beharrari ihardetsi diogu: haizegailuak ezarri dira, eguzkitik babesteko mintzak… Gogoetatzen segitzen dugu lehenbiziko neurri horietatik haratago joateko eta eskolak molde iraunkorrean egokitzeko klima aldaketari.
Gainera, Herriko Etxea eskoletako korraleetan landare/zuhaitzak ezartzen hasi da. Basté-Quieta eskola jadanik landareztatzen hasi gara, baina obrak ez dira arrunt bururatuak. Ondotik, Herriko Etxeak prozesu hori eskola publikoetako korrale guzietara hedatu nahi luke.
Eguneroko zerbitzuak
Eskolaldi inguruko zerbitzua atxiki da
Herriko Etxeak eskolaldi inguruko zerbitzu guziak atxiki ditu, testuingurua gero eta zailagoa izanik ere, bereziki kontratatzeari dagokionez.
Aitzina doan eskola-garraioa
Zerbitzu hori Ipar Euskal Herri-Aturriko Mugikortasunen Sindikatuak du bermatzen, eta ustiapena Autocars du Sud-Ouest enpresaren esku uzten du. Familientzat kitorik egon dadin, badu zenbait urte Herriko Etxeak duela ordaintzen familiei doakien parte hartzea.
Kantina: elkartasunezko prezioa eta kalitatezko zerbitzua
Kantina funtsezko zerbitzua da familientzat eta eginkizun garrantzitsua du haurren osasunean. Herriko Etxeak tokiko Bertakoa enpresarengan duen konfiantza atxiki du, eta honek, “EGalim” legea betetzeaz haratago (horrek inposatzen du % 50a kalitatezko produktu iraunkorrak izatea, eta horietarik % 20a produktu biologikoak), kalitatezko produktu labeldunak eta ekoizpen zirkuitu laburrak lehenesten ditu.
Bestalde, badu zenbait urte Herriko Etxeak elkartasunezko, urraskako eta familien irabaziei egokituriko prezio bat aplikatzen duela. 2026ko sartzean, 7. tarte bat sortua izan da eta prezioak neurriz aldatuko dira. Haatik, familien parte hartzeak zerbitzuaren kostuaren zati bat baizik ez du estaltzen, osagarria Herriko Etxeak hartzen duelarik bere gain, 100 000 €ko heinean urtean.


